Andrew-ren biolina


Irudi batek ez du ezer ere ordezkatzen
Louise Lawler

Instalazio erabateko eta handi batean gerta liteke hau: ikuslea,
bere baitan murgildua eta distraitua, instalazioan barna paseatzen da arduratsu, behatzen du, urrutiratzen da, hausnarketan ari da, berriz inguratzen da. bertako giro bereziak kontzentratzen laguntzen
dio, bere oroitzapenetan murgiltzen, maila batetik bestera bere gogoetetan igarotzen.
Ondo pentsatutako instalazio batek maila guztietan behar baitu funtzionatu: maila axaleneko
eta profanotik hasita, mailarik intelektualeraino eta espiritualki goreneraino
Ilya Kabakov

Michelangelo Buonarrotik sobran geratzen zen harria kentzen zuen barruko irudiak espazioa uki zezan, eta Eduardo Chillidak airez betetzen zuen harriaren barrenaldea. Bi proposamen horien artean obra asko dago, eta baita espazioa erreferentzia-puntu bakar gisa hartzen duen artearen filosofia bat ere. Pintura bera ere, huraxe baita, izan ere, bi dimentsioko arteetan nagusia, eginahalean saiatu da oihala espazioz betetzen eta espazioaren beraren teoria bat osatzen ere. Holandar maisuenganaino edo Velázquezen ganaino joatea, horixe da biderik errazena, mintza gaitezen argi eta garbi, arte-bsesio hauei behatzeko.

Beste norabide batean, sortzaile batzuk erabateko obratzat hartu denaren bila ibili izan dira, hau da, arte guztiak forma bakarrean bateratuko dituen huraxe eskuratu nahi izan dute. Zinematografoa iritsi zenean, batzuen batzuek uste izan zuten bidea zabalik zegoela, eskuratua baitzen lotura estu bat mugitzen den irudiaren, hotsaren eta errealitatearen artean. Baina beste hainbat alditan bezala, proposamen berri bat besterik ez zen zinema, forma berri bat zuena, ordu arte ezezaguna zen tresna bat baliatzen zuena. Garrantzitsuena ordea asmoa zen, argazkigintzaren, performancearen, kubismoaren, futurismoaren… sorreran izan zen asmo berbera. Bestelako hausnarketarik gogoan hartu gabe, ekimen hauetan guztietan kimera bati esesteko eginahala dago, utopia dela badakigulako hain zuzen ere.

Eremu dibertsifikatua


Andrew Gangoitiren altzairuzko kableen lehen piezen artean kokatzea, hein batean, hirurogeietako hamarkadako Earthworks haietara joatea da. Land Art-eko artistek jasotako espiritua, beren lanak inguru naturalean bete-betean txertatzetik igarotzen dena, berebat gogorarazten da eskultura hauetan, paisaiaren eta izadi basatiaren agertokiaren ordez beste bat jartzen duten arren, gizatiarragoa eta hertsatuagoa, hau da, arkitekturarena. Zehatzago, egileak esku hartzen duen erakusketaespazioetako arkitekturarena. Forma geometrikoak marrazten dituzten linea mehen bitartez -Fred Sandback-ek egin zuen modu berean-, aurrean jartzen zaion baina menderatzen ez duen espazio hutsa inbaditzen du. alegia, begirune sakoneko giro batean egiten ditu bere interbentzioak, arkitektura-espazioarekin eta arkitekturaespazioarentzat, zentzu berezi batez hornituz, zeinarekin haren berrirakurketa bat, berregituratze bat planteatzen baitu. Hala, hutsunea eta gainerako elementu espazialak, beste testuinguru batean sumatu gabe gera zitezkeenak, presentzia eta monumentaltasun handiagoz janzten dira.

Horrez gainera, nolakotasun formalista ere badu obra honek arkitekturarekin duen harremanak. andrewk eraikinenik seguruenen eraikuntza balitz bezala jasotzen ditu bere eskulturak. Haren zirriborroak marrazki teknikoak dira, neurriz, akotazioz eta eskalez betetako egiazko eraikuntza-planoak; eta haren lan-metodologiak, metodikoa eta guztiz zehatza izanik, arkitekto baten jardunbidea gogorarazten du. Bere lanak sendotasuna darie alde guztietatik eraikin batez bezala.

Inguruarekiko sinbiosia eta mimesia. Horrelaxe itzultzen da artista honen obretan eskulturak eta arkitekturak duten harremana. Biak dira desegiten zaila den multzo baten (elkar) osatzearen protagonista. Ez dakigu non hasten den bat eta non bukatzen den bestea, lausotu egiten dira bien arteko mugak. Horregatik, “eskultura” hitza ez da behar bezain zehatza hibrido artistiko hauentzat. agian Rosalind Kraussek bere Eremu Hedatua-rentzat erabiltzen duen terminologia erabil genezake, eta “arkitekturaren” eta “ez-arkitekturaren” arteko lekua betetzen duen “egitura axiomatikoa” geureganatu.